XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Trikitilari eskola: zaletasuna goraka

Azkoitiko Zabale aita-semeak eta Lourdes Alkorta dira gure herriko trikitilari eskolaren arduradunak.

1987. urtean sortu zen eskola eta ordudanik pertsona mordo bat aritu izan da soinua eta panderoa jotzen ikasten.

Egun 80 ikasle ditu eskolak.

Zaletasuna goraka doan seinale, dudarik gabe.

Trikitixa goraka doa gure herrian.

Haur talde honek hori erakusten du.

Zabale anaiak festatara trikitrixa jotzera etorri zireneko aldi batean, zinegotzi batek herrian mugimendu gutxi zegoela eta, trikitixa irakasteko proposatu zien.

Horrela hasi ziren 10 bat lagunekin klaseak ematen.

Urtebete pasa arte ez zirela emaitzak igarri diosku Zabale anaietako batek.

Kalean trikitixa eta panderoa jotzen ikustean jendea animatu egin omen zen.

Denborarekin ikasle kopurua gehituz joan da eta orain, esaterako, soinuko klasea beteta dago.

50 gazte zein nagusi ari dira soinua ikasten eta 30 panderoa.

Astean hiru egunetan ematen dituzte klaseak, astearte eta asteazkenetan bi orduz eta larunbat goizetan hiru bat orduz.

Zabale anaietako batek eta aitak panderoa jotzen eta kantatzen irakasten dute, eta beste anaiak eta Lourdes Alkortak soinua jotzen.

Bostpasei urte hauetan egindako lanak badu urtean zehar non adierazi.

Gabon Zaharreko feria egunean ohizkoa bihurtu da herriko trikitilarien kalejira.

Urtero ere jaialdi bat eskaintzen dute bertoko ikasle guztiekin.

Aurten ekainaren 11an izango da jaialdia.

San Bartolometan eta auzoetako jaietan ere bikote bat edo beste aritzen da jaiak alaitzen.

Herriko edozein elkartek antolatzen dituen ekitaldietan ere parte hartzeko prest daude beti.

Trikitilari eskola irailean hasi eta uztailaren bukaera arte dago martxan.

Langile finek bezalatsu, abuztuan bakarrik egiten dute jai.

Orain Ikastolak lagatako Aita Agirre Plazako lokaletan ematen dituzte klaseak baina gogoan dute Zabale anaiek parrokiko lokaletan klaseak ematen zituzteneko garaia.

Irakasleez gain, bost gurasoz osatutako batzorde batek eramaten du eskolaren gestioa, diru kontuak eta horrelakoak.

Trikitilarien artean denetik dagoela dio Zabalek, alperkeria handia batez ere.

Baina zaletasunik ez zaiela falta dio, eta berau da, izan ere, bikoteak ateratzeko behar dena.